Albisteak

 

Duela hiru urte Santurtziko Udalak Merkataritza- eta Turismo-Mahaia eratu zuen arlo hauetako sektoreetako enpresak ekonomikoki sustatzeko. Sei hilean behin elkartzen dira. Atzo goizean batzarra egin zuten eta parte hartze eta kooperaziorako organo publiko-pribatu horrek berriro izan du elkartzeko aukera Santurtziko garapen turistiko eta komertzialarekin lotutako egitasmoak eta ekimen zehatzak planifikatu, egikaritu, jarraitu eta ebaluatzeko Mahai horretan iaz merkataritza- eta turismo-arloetan egindako jardueren balantzea egin zen. “Argi dago berriro gai hauetan lankidetzan aritzeak emaitza onak dakartzala, eragin zuzena baitu herriko ekonomian. Gainera, herriko enpresak dira taldearen eragile nagusiak, motorra nolabait” esan zuen Joseba Ramos Turismo Sustapenerako zinegotziak. “Sektore guziekin elkar hartuta ibili behar dugu estrategiak egitean” gaineratu zuen.

Juan Andrades Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak ere adierazpen horiekin egin du bat: “Arlo bien arteko sinergiak oinarrizkoak dira Santurtzi udalerri dinamikoa eta bizia izango bada, gure kaleko turismo- eta merkataritza-dinamizazioan gogor ari diren erakundeekin batera egindako lanaren emaitza, alegia” esanez.

Gogorarazi behar da duela aste gutxi egin dela turismo-denboraldiaren balantzea, eta bertan agertzen ziren zifren arabera, 6,4 milioi euroko inpaktu ekonomikoa jaso dela, hori udalerriko turismo-jarduerari soilik erreparatuta.

Lan-mahai horretan herrian urteko hil guztietan landu beharreko jarduera-programazioa ere planifikatzen da. Eta hori ere etengabeko lanaren emaitza da, Merkataritza- eta Turismo-arloetan diharduten sektore guztiek adostutakoa eta egindakoa. Eurekin batera, udala bera, Merkatari Batuak eta Santurtzi Gastronomika elkarteetako ordezkariak eta erakunde pribatu batzuk ere ari dira lanean, azken hauek herriko hotel eta hostaletako, taxi-sektoreko edo turismo-jardueretako ordezkari gisa.

Atzoko batzarrean aurten gauzatu beharreko jarduketak aurkeztu ziren, besteak beste, ekintzailetza komertziala, marketing digitalari buruzko prestakuntza-ekintzak eta udalaren webgunean merkataritza-, ostatu- eta zerbitzu-eskaintza sustatzeko gida komertzial bat argitaratzea. Turismo-arloan, berriz, nabarmendu da herriko produktu turistikoak sortzeko asmoa dagoela, abian jarriko diren kanpainen irudia berrituko dela edo laster aurkeztuko diren zenbait sustapen-ekitaldi, kanpaina eta ekintza egingo direla.