Albisteak

 

Santurtziko Casa Torre jauregian adikzioak prebenitzeari buruzko jardunaldi bat egin da. Bertan udalerriko gizarte-eragile batzuek hartu dute parte, eta udalak proposatu dituen zenbait neurri planteatu dira. Jardunaldia lau urtean behin egiten da eta aurtengoaren emaitza Adikzioak Prebenitzeko Santurtziko Planean (2020-2023) hartuko da aintzat. Horrela, arlo horretan lanean ari diren eragileen ekarpenak adikzioak prebenitzeko planean jasota geratuko dira.

Esan bezala, zenbait gizarte-eragilek hartu dute parte, besteak beste, irakasleek, ikasleek, familiek, elkarteek eta bestelako kolektibo batzuek… “bertan herriko administraziotik har ditzakegun neurriez hitz egin da, gazteek izan ditzaketen adikzioak prebenitzeko asmoz” esan digu Itziar Carrocera Gizarte Ekintzako zinegotziak. Azterlan honetan tabako, cannabis eta alkoholaren kontsumoari zein teknologia berrien erabilerari heldu zaio, 14 eta 17 urte arteko gazteengan duten eragina ikertuz.

Plazaratu diren datuak, debaterako oinarri erabiliak eurak, drogen kontsumoari buruzko azterlan baten emaitza dira. Azterlana Santurtzin egin zen eta bertan gure herriak gaur egun bizi duen egoera islatzen da; eta horrez gain, egoera hori duela bost urteko zein Erkidegoan gaur egun dagoen egoerarekin alderatu da. “Parte-hartzaileek azterlan hau erabiliko dute euren iritziak gure herriari buruzko datu zehatzekin janzteko”.

Jardunaldian hirurogei bat lagunek hartu dute parte. Horrela bada, guztion artean emandako iritziek lagun, gizarte mailako arazo honi aurre egiteko ekimena indartuta atera da.