Albisteak

 

Santurtziko Udala hasi da maiatzean eta ekainean udalerrian abian jarriko den ekintza baten berri ematen informazio-bando bidez, kaio hankahorien habiak eta arrautzak desagerrarazteko kanpainari ekingo zaiola hain zuzen. Ekintza hau iaz ere egin zen herritarrek hala eskatuta, zenbait komunitatetan kaioek habia bertan eginda zutela ikusi baitzuten eta horrek eragozpen handia ekarri baitzien.

Gaur egun kaioen populazioa kontrolatzeko teknika praktikoena eta kalte gutxien eragiten duena jaiotza kontrolatzea da, arrautza desagerrarazten direlako enbrioiak oraindik garatu gabe daudenean. Horrela hegaztientzat batere kaltegarria ez den teknika da, habia egin duten populazioa murriztu eta zarata eta hazkuntza-aldian egoten diren erasoak saihesteko aukera ematen du eta.

Iazko kanpaina arrakastatsua izan zela ikusita, aurten ekintza errepikatzea erabaki da. Horrela bada, eraikinetako teilatuetan aurkitzen ditugun habiak kendu egingo dira; eta horrez gain, errolda ere egingo dugu tartean zenbat ale dauden kalkulatzeko eta horiek topatzeko. Herritarrei laguntza eskatzen da, baldin eta baten batek habiaren bat atzematen badu jakinarazteko eskatuz.

Eragina jaso duten azalera osoaren azterketa orokorra egin ondoren, habiak zenbatu eta non dauden kokatuta jakingo da. Horrela, kaioen populazioaren errolda egin ahal izango da eta bikote ugaltzaile kopurua balioetsi. Iaz guztira 38 kabi eta 82 arrautza zenbatu ziren eta denak kendu.