Albisteak

 

Martxoaren 14an, alarma-egoeraren lehenengo egunean, Kontsumitzailearentzako Santurtziko Informazio Bulegoak publikoari aurrez aurreko arreta emateari utzi zion, baina ez zerbitzu emateari. Horrela bada, zerbitzua telematikoki eta telefonoz ematen jarraitu zen, santurtziarren kontsultei erantzun emateko dekretuan jasotako segurtasun-neurri guztiak zainduz.
 
Alarma-egoera amaituta, normaltasunera itzuli gara, eta bulegoan berriro ari dira aurrez aurreko arreta ematen. Aldi luze honetan bulegoan koronabirusarekin lotutako 242 kontsulta jaso dira (guztira 652 kontsulta erregistratu dira), gehienak (% 76,5) bidaien sektoreari buruzkoak. Horrela bada, 87 kontsulta aire bidezko garraioekin lotutakoak izan dira, 65 bidaia-agentziekin eta 33 hotelekin.

Erreklamazioak, berriz, 61 izan dira. Iaz, garai berean 132 erreklamazio zituzten jasota. Erreklamazio horietatik 13 telekomunikazioei buruzkoak izan dira, 8 aire bidezko garraioei buruzkoak eta 7 bidaia-agentziei buruzkoak.

Bestalde, alarma-egoerak iraun duen bitartean KIUBen jarraitu da kontsumitzaileen eskubideei buruzko kontzientzia pizten eta informazioa zabaltzen. Asmo horrekin zenbait berri argitaratu dira koronabirusarekin lotutako gai interesgarriak landuz, bai eta kontsumitzaileek dituzten eskubide eta betebeharrei buruzkoak ere. Berri guztiak webgunean eta sare sozialetan zabaldu dira.