Albisteak

 
Aurten Olentzerori gutun-lehiaketaren XXIV. edizioa egingo da, non Santurtziko herritar guztiek idatzitako lanak onartuko diren adina gorabehera. Izan ere, adinez banatutako lau kategoria daude ezarrita.
 
Hona hemen kategoriak: A kategoria Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloko ikasleentzat (1., 2., 3. eta 4. maila), B kategoria Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzat (5. eta 6. maila), C kategoria Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoentzat eta D kategoria 16 urtetik gorako herritar guztientzat.
 
Lanen luzera eta aurkezteko modua desberdinak izango dira kategoria guztietan, baina denetan gutun-azal itxi bat aurkeztu beharko da barruan honako datu hauek idatzita: izen-abizenak, jaioteguna, maila, hezkuntza-zentroa, helbidea eta telefono-zenbakia.
 
Bestalde, ume txikienen lanetan egilearen izen-abizenak, hezkuntza-zentroa eta maila ikusgai egongo dira, lan horiek erakusgai jarriko dira eta.
 
Lanak aurkezteko epea aste honetan bertan hasi eta abenduaren 11n amaituko da, eta egindako lanak Kultura eta Euskara Arlora eraman beharko dira, Casa Torre Jauregira.
 
1500 euro banatuko dira saritan, kategoriaren eta postuaren araberako hurrenkeran: Kategoria txikienetik handienera eta hirugarren postutik lehenengora.
 
Balorazio-irizpideetan naturaltasuna, zuzentasuna, hizkuntzaren aberastasuna, estiloa eta originaltasuna hartuko dira kontuan. Bestalde, epaimahaiak saria ez ematea erabaki lezake, baldin eta bere ustez, lanek gutxiengo kalitaterik ez balute.

Oinarriak (PDF 101KB)