Albisteak

 

Santurtziko Udalak 21 hiri-baratze ditu Villar auzoan, Begoñako Ama Egoitzaren jabegopeko lursailetan. Laster erabiltzeko aukera egongo da, zozkatu egingo baitira, interesa duten herritar guztien esku egon daitezen. Lursailek gutxi gorabehera 55 metro karratuko azalera dute.

Horrela, pertsona eta familia-unitate bakoitzeko eskaera bat aurkeztu ahal izango da. Eskaerak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 1ean zabaldu eta irailaren 15ean itxiko da, eta gero lursailak zozkatu eta esleitu egingo dira. 4 urtez erabili ahal izango dituzte esleipendunek, 2021eko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arte hain zuzen. Zozketa egin eta baratzeak esleitzen direnean, maizterrek erabiltzaile-komunitatea osatu beharko dute. Zozketan parte hartu baina baratzerik lortu ez dutenak itxaron-zerrendan geldituko dira bajarik balego eurei esleitzeko.

2013an hiri-baratzeen erabilera arautzeko ordenantza onetsi zen. Bertan, besteak beste, ezarrita dago modu ordenatuan landu behar direla, itxitura anarkikorik eta bestelako erabilera desegokietan jardun gabe, hala nola, sua piztu, barbakoak egin, animaliak hazi edo ustiatu, txabolak eraiki...

Udalak ez du bere gain hartuko baratzetan edo guztientzako instalazioetan dauden gauzen, tresnen edo dena delakoaren zainketa, ez eta eurak ebatsi edo lapurtzen badituzte ere. Horrelakoetan gerta litezkeen kalteak ere ez dira bere ardurapekoak izango. Bestalde, aintzat hartuko da Udalak baratzeak modu egokian erabiltzeko egin duen Praktika Onen Eskuliburua, non zenbait irizpide agertzen diren baratzeak ahalik eta ondoen erabiltzeko. Eskuliburuan aholkuak ere ematen dira lursailak behar bezala zaindu eta lantzeko.

Baratzeak erabiltzearen truke, esleipendunek 50 euroko udal-tasa ordaindu beharko dute urtean esleitutako baratze bakoitzeko.

Zozketan parte hartzeko, HAZera jo.

Hiri baratzen lagapenerako baldintzak (PDF 5,23MB)

Hiri baratza eskatzeko orria (epea, uztailaren 1etik irailaren 15era arte irekita egongo da) (PDF 163KB)